Itsasoko San Bartolome eliza

San Bartolome eliza

Elizak garai desberdinetako arte estilo gehienekin lekukotza eskaintzen digu: 1300. urteko lehen gotikoa atarian, gotikoa eliz-atariko arkupetan, Juan de Lizarazuren eskultura eta Tomas de Oñateren polikromiak erretaula errenazentistan, barrokoa barne arkitekturan eta sakristian, eta inpresionismoa Pablo Urangaren margolanetan. Guztiek bere osotasunean armonia bikaina sortzen dute. Ezagutu beharrekoa!

Itsasoko San Bartolome eliza Itsasoko kaskoan dago San Bartolome eliza

 

Atari nagusia eta aztarnarik zaharrenak

Itsasoko elizak du Gipuzkoan aurki litekeen sarrera nagusienetan zaharrenetarikoa, lehen gotikoa, 1300. urtean datatua. Bere garaiari dagokion estiloan egina, erromanikotik gotikorako bidea hartuta (arkua apuntatzen hasten denekoa).

Bost arkiboltek osatzen dute eta, dekorazioari dagokionez, erromanikoaren “jakeatua” albora utzi eta diamante punten jarraiak eta beste irudi geometriko ugari oso ondo kontserbatuak ageri zaizkigu.

Itsasoko San Bartolome elizaren sarrera Itsasoko San Bartolome elizaren sarrera, 1300. urtean datatua.

Itsasoko San Bartolome elizaren sarreraren detailea Lehen Gotikoko atariaren detailea

Arkiboltak beste hainbeste zutabetxoren gainean aurkitzen dira eta beroien kapiteletan giza irudiez gain, sei-zazpi-zortzi petalodun loreak edo eguzki estrigilatuak aurki ditzakegu, izan ere, arkitektura eta eskultura eskutik zihoazen, dekorazio erlijiosoak bezala profanoak ere garrantzia handia zutelarik (landare-lore, giza irudi, animalia, mitologia edota elementu geometrikoak).

Itsasoko elizako sarrerako kapitela

Itsasoko elizako sarrerako kapitela

Itsasoko elizako sarrerako kapitela

Itsasoko elizako sarrerako kapitela

Gipuzkoan zehar, garai beretsukoak beste hiru atari aurki ditzakegu gure inguruetan: Tolosako Santa Marian jasotako Laskoaingo atea, Abaltzisketakoa eta Zumarragako Antioko baselizakoa. Ikus antzekotasunak:

Abaltzisketako ataria Abaltzisketako ataria

Tolosako Santa Marian jasotako Laskoaingo atea Tolosako Laskoaingo atea

Zumarragako Antioko baselizako atea Zumarragako Antioko baselizako atea

Izan ere, Gipuzkoan barrena baditugu estilo zaharrean eginiko ate berantiarragoak, hau da, bi mende geroago erromaniko erara eraikitakoak, nahasmena sortu izan digutenak. Baina Alberto Santanak ozen idazten du Itsasoko Elizari buruz eginiko ikerlanean:

“Dentro del obvio retardatarismo que presentan estos templos rurales, puede destacarse sin embargo que todos han conseguido liberarse del arcaico repertorio ornamental románico y apuestan por emular fórmulas góticas europeas. Una apuesta que no debía ser tan fácil en la comarca, a juzgar por la dilatada permanencia de tópicos como el taqueteado y billeteado que perviven en lugares como Idiazabal hasta el año 1500, lo que ha dado lugar a múltiples equívocos de la crítica histórica” A. SANTANA: Estudio histórico artístico. San Bartolomé de Itsaso.

Aztarna zaharrenak

Ikerlarien ustez, 1300 urtean datatutako elizaren aurretik erromanikoa izan zitekeen beste bat izango zen leku berean, baina indusketa arkeologikoek ziurtatu behar lukete hipotesi hau.

Argi geratzen dena da goian aipatutako ate sarrerarekin batera, 1300. urteko elizaren mendebaldeko eta ekialdeko horma gehiena mantentzen dela, ekialdera zuen beste sarrera XVI. mendean itxi bazen ere, aurrerago beste bat irekitzearekin batera.

Eta barnean oso antzinako jotzen den bataio pontea aurkitzen da, garai hauen aurrekoa ere izan litekeena. Bere kokalekuak eta oinarriak ere antzinatasuna adierazten digu.